2008-02-08

Proiektuaren sarrera



Azken garai hauetan, geroz eta gehiago entzuten den hitza ingurugiroa dugu. Zoritxarrez ordea, gertaera txarren ondoioz: bioaniztasunaren galtzea, ohian tropikalen suntsitzea, ozono geruzaren zulatzea, klima aldaketa eta abar luze bat.

Guzti hauek, gaur egungo gizartea oinarritzen den ekoizpen-kontsumo sistemaren ondorioak dira. Arazo honen aurrean 1992an Rio de Janeiron burututako bilkuran honi aurre egiteko oinarriak ezarri ziren. Bertan adostu zen dokumentua Agenda 21 delarik.

Dokumentu honek garapen jasangarria erizpidea barneratzen du. Globalki pentsatu behar bada ere, lokalki jardun behar da. Gure ikastetxeak ere Agenda 21 planean sartuta daude. Batez ere ikasleen kontzientziazioa lortu nahi da plan honekin.

Bestalde, Gipuzkoa, eta batez ere Deba bailara industriarekin erabat lotuta egon dira urtetan. Zerbitzuek gero eta indar handiagoa badute ere, oraindik ere industria erreferente garbia da Gipuzkoako alde honetan. Gure ikasleek, eta batez ere teknologia ikasgaia aukeratu dutenek industria mundu horretan lan egitea dute helburu asko eta askoren gurasoek egin zuten bezala.

Hala ere, gauzak aldatzen ari dira eta ez dago garai bateko konturik. Enpresa handiak multinazional handien barruan daude eta enpresa txikiek hauentzako egiten dute lan. Jakina denez, multinazionalak eta enpresa handiek mundu guztian egiten dute lan eta konpetentzia gero eta basatiagoa da. Ingurune honetan bertako enpresak aurrera ateratzeko moldatu beharra izan dute eta jokamolde berrietara etengabe uztartuz bizi dira.

Gure ikasleak ere egoera berri honetan lan egiteko prest egon behar dute. Ikasle gehienak lan mundua oraindik urruti badute ere, momentu honetan jasotzen duten hezkuntza eta jakintza oinarrizkoa eta oso baliagarria izango zaie hemendik urte batzuetara. Prozesu eta tresna desberdinen erabilera ezagutzeaz gain, taldean lan egiten ikasi behar dute eta honek dakartzan onurak ezagutu. Beste taldeekin erlazionatzea ere oso garrantzitsua izango da eta honez gain, teknologia berrien etengabeko bilakaera ezagutzea ezinbestekoa izango da etorkizuneko langileentzat.

Beraz, jarduera teknologikoa eta ingurugiroarekiko errespetua erabat uztartuta daude.

Proiektu honek goian aipaturikoaren ispilu izan nahi du. Hiru ikastetxeen arteko elkarlan proiektua da, enpresen artekoa izan zitekeen moduan. Ikastetxeetako ikasleen artean proiektu edo produktu bakar baten zati bat diseinatu eta eraiki beharko dute. Ikastetxeen artean informazioa elkartrukatzeko Internet erabiliko da batez ere (e-maila, bideo-konferentzia, blogak,...). Eraikiko duten proiektua berriz, mikrokontrolagailuez gobernatutakoa izango da, produktu erreal baten ahalik eta antzekotasun handiena izan dezan. Proiektua egiteaz gain bi ikastetxeetako ikasleek elkar ezagutzeko aukera izango dute eta beraien arteko erlazioak luzarorako izatea nahiko genuke irakasleok.

Eraikiko duten proiektuak garapen jasangarria irizpidea kontutan hartu beharko du eta teknologiak ingurugiroaren hobekuntzan izan behar duen parte hartzea izango du helburu.